Rockwell saiakuntza

Rockwell saiakuntza metalezko materialen gogortasuna neurtzeko erabiltzen den saiakuntza bat da, ISO6508-2 arauari jarraituz gauzatu beharrekoa. Gogortasuna materialek duten berezko propietatea da. Material baten gogortasuna honela definitu ohi da: materialak deformatzeko erakusten duen erresistentzia, beste gorputz bat bere gainazalaren kontra bultzatzean. Beste modu batean esanda, bere kontra eginiko indarraren eraginez markarik ez agertzeko materialak erakusten duen erresistentzia da gogortasuna.

XX. mende hasieran, ikerlariak konturatu ziren lotura estua zegoela gogortasunaren eta pieza edo makina desberdinetan agertzen ziren akats mekanikoen (adibidez, gainazal-akatsak) artean. Hortaz, gogortasunaren ezaugarriak aztertzen hasi ziren.

Aztertzen hasi bezain laster, material desberdinen gogortasuna neurtzeko saiakuntza bide desberdinak asmatu ziren. Lehenengoa Brinell saiakuntza izan zen, 1904an, hain zuzen. Dena den, aztarna handiak uzten zituen, eta oso motela zen. Gainera, ez zen eraginkorra gogortze-tratamenduak zituzten burdinen kasuan (tresna-altzairuak, altzairu aleatuak, aleazio desberdinak, …).

Ondorioz, 1914an, Hugh M. Rockwellek eta Stanley P. Rockwellek Rockwell saiakuntza-makina asmatu zuten. Horri esker, guztiz aldatu ziren gogortasun-neurgailuak. Izan ere, makina honek saiakuntza desberdinak egitea ahalbidetzen zuen (zapaltzaile motaren arabera). Horrela lortutako emaitzak adierazteko eskala desberdinak sortu zituzten; eta horri esker, balio askoz ere zehatzagoak lortu zituzten.


© MMXXIII Rich X Search. We shall prevail. All rights reserved. Rich X Search